Auzotarrak eta herritarrak prest dira sanmartinak ospatzeko, eta auzoko Ama Birjina ere gaur prestatu dute; Yolanda Larrañaga jostun azkoitiarrak zuri koloreko soineko berria josi dio. “Artisau lana izan da, oso-oso delikatua”, azaldu du jostunak Udalari eskainitako adierazpenetan. XVIII. mendeko soineko originalak zituen xehetasun guztiak "mantentzen eta zaintzen" saiatu da jostuna. Urre koloreko hari berezien bila Madrilen ere ibili da Larrañaga.
Ez da Yolanda Larrañagak San Martingo Ama Birjinaren jatorrizko soinekoa esku artean izan duen lehen aldia. Tindategia zuen herrian, eta soinekoa garbitzea ere egokitu izan zaio aurretik. Oraingoan, ordea, soineko berria josi du. “Brodatua moztu, berdin-berdin jarri eta josi egin dut. Soinekoaren oihala mehea denean, kotoizko oihalak erabiltzen dira brodatuari heltzeko", nabarmendu du.
Orain, ordea "sistema berria" erabili du Larrañagak oihalak gorputza eta pisua har zezan. "Fliselina erabili dut artehunetan eta termofinatzailea itsasteko. Horrela soinekoak forma hartzen du, pisua”, azaldu du. Gaur, osteguna, orratza eta haria hartuta joan da San Martingo baselizara. Soinekoa jantzi eta sorbaldetan egoki geratzeko azken puntadak eman dizkio.