Hezkidetza foroan parte hartzen duten herriko ikastetxeek, Gazteria Zerbitzuak nahiz kale-hezitzaileek Berdin berri! aldizkari feminista jasoko dute hilero. Udalaren hezkidetza programan sexu heziketa nahiz indarkeria matxistaren gaia jorratzen dituzte besteak beste, eta programa horren helburua da ikasleak nahiz hezkuntza komunitate osoa berdintasunean hezitzea eta indarkeria matxista prebenitzea. Aldizkaria programa horren barruan banatuko du Udalak, formatu digitalean.
Herriko ikastetxeetako ikasleei emakumeen eta gizonezkoen arteko egiturazko ezberdintasun egoeren inguruko informazioa eskaintzen zaie hezkidetza foroan. Besteak beste, desberdintasun egoerak atzemateko adierazleak eta horiek gainditzeko tresnak eskaintzen zaizkie. Horrez gain, errespetuan oinarrituriko sexu heziketa ere jasotzen dute ikasleek. Ikastetxeetako irakasleei eta hezitzaileei, berriz, ikasleekin landutako gaien transmisioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen zaie foroan.
Aurten, hezkidetza programa garatzeko, 21.348 euro bideratu ditu Udalak.