Abian da Nafarroako erriberako nekazaritza eta euskara bultzatzea xede duen Errigoraren udazkeneko kanpaina, eta aurtengoan, gainera, aldaketekin dator egitasmoa. Izan ere, hiru saskiren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek: beltza (ohikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia).
Gaurtik azaroaren 20ra bitartean eskatu ahal izango dira saskiak, herriko honako gune hauetan: AEKn, Oreka Bioelkartean, Lujan kioskoan eta Hizki papertedian. Ohi bezala, eskalerak on-line egiteko aukera izango dute interesa dutenek www.errigora.eus atarian, eta horiek zuzenean Internetez ordaintzeko aukera izango dute.
Saski beltzak 50 euroko prezioa du, eta honako jaki hauek osatzen dute: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, zainzuri krema, teilak, malokotoia almibarrean, kardua, tomati frijitua eta piper txorizero mamia; 60 euroan eros daiteke berdea, eta modu ekologikoan ekoitzitako honako produktu hauez osatuta dago: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba olio birjina estra, potxak, mahats zukua, arroza, pasta, barazki menestra eta ozpina; saski zurian, berriz, zera eskuratu daiteke 70 eurotan: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, ardoa (kriantza), patxarana, extra brut, polboroiak, patxaran mantekatua, txokolatezko arrokak eta pikillo piper marmelada.