Eguraldiak lagunduta, herritar ugari elkartu da eguerdirako herriko plazan, han egin baitute Floreaga ikastetxekoek eta Gazteak eta Garapena fundaziokoek urteroko ekitaldi solidarioa. Ohi bezala, pintxo solidarioak banatu dituzte Kontzejupean, eta bigarren eskuko denda ere jarri dute tabernaren ondoan. Gainera, Alai Batzakoek umeentzako jolasak prestatu dituzte plazan, eta herritar ugari jarri dute beraien alea egitasmoan eta herritarren joan-etorria nabarmena izan da salmenta postuen inguruan.
Egitasmotik lortutako dirua salestar komunitateak Beningo Cotonou hirian duen proiektura bideratuko dute, hiri horretako kaleetan bizi diren umeei laguntzeko asmoz. Seniderik ez duten eta egunez azoketan egoten diren umeak hartzen dituzte etxe horretan, haurren oinarrizko beharrak ase ditzaten eta horiek "leku seguruan” lo egin dezaten. Era berean, umeak kaletik atera eta lan mundura edo ikasketetara bideratzen dituzte proiektuaren bidez.