Datorren azaroaren 10ean Espainiako Gorteak osatzeko egingo dituzten hauteskundeetan mahaian egotea suertatu al zaien jakin dezakete herritarrek Udalaren azkoitia.eus webgunean. Atariaren eskuinaldean, albiste jarioaren ondoan, dagoen leihoan klik egin eta NAN zenbakia sartuta ikusi ahal izango dute egun horretan hauteskunde mahaian egon beharko duten edo ez. Erantzuna baiezkoa bada, hauteskunde mahaiaren inguruko informazioa ere agertuko zaie.
Bozetarako mahaiak osatzea Udalen eskumena da, eta zonaldeko hauteskunde batzordearen gainbegiradapean egiten dute hori. Atzo, astelehena, egin zuen Udalak hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa, eta erakundeak jakinarazi du dagoeneko hasi dela jakinarazpenak etxeetara bidaltzen. Dena den, mahaian egotea suertatu al zaion jakiteko "biderik azkarrena" azkoitia.eus atarian sartzea dela azpimarratu du Udalak.