Finalistaren Eguna edota Eskolarteko XXXII. Mendi Lehiaketan parte hartu dute gaur, igandea, Azkoitian. Gipuzkoa osotik etorritako 800 lagun inguruk parte hartu dute. Azkoitiko Balda Plazatik ziren abiatzekoak hasiera batean, baina euriagatik herriko plazan jarri dute irteera Anaitasuna Mendi Bazkunako antolatzaileek. 09:20 inguruan abiatu da ikastetxeetako gurasoek eta ikasleek osatutako 800 lagun inguruko taldea; euren parte hartzea harrera mahaietan baieztatu dute lehenik.
Arume, Jauregi, Aitza eta Etxeberritxo baserrietatik igaro dira parte hartzaileak, eta berriz herriko plazara itzuli dira; bi ordu inguruko ibilaldia egin dute. Amaieran, finalisten diplomak eta laguntzaileek emandako opariak banatu eta zozkatu dituzte ikastetxeen artean. Pozarren jaso dituzte sariak neska-mutilek. Halaber, bertako produktuak eta sagardoa ere dastatu dituzte martxaren amaieran.