Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. zikloa iritsi da bere amaierara Azkoitian. Bernhard Marx organo jotzaile alemaniarrak itxiko du Azkoitiko egitaraua datorren zapatuan, urriak 19. Marxen emanaldia 20:00etan hasiko da, parrokian, eta hainbat obra interpretatuko du; besteak beste, Offerte du 5eme Ton, la Vive-le-Roy des Parisiens, Offertoire pour le Jour de Paques, Serenade agreste a la Madone eta Symphonie No. 5 pour Orgue, op. 42,1.
Marx Alemanian jaio zen, eta Johanneskircheko organista titularra da 1972az geroztik Brisgoviako Friburgon (Alemania). Engelbert Kesslerekin hasi zen musika ikasten St. Wendelen (Alemania); ondoren, organo ikasketekin jarraitu zuen Marie-Claire Alainekin Parisen (Frantzia), Ludwig Doerrekin Saarbruckenen eta Friburgon (Alemania), eta Gaston Litaizerekin Parisen. Saarbrucken eta Sorbona unibertsitateetan egin zituen musikologiako ikasketak. Horrez gain, nazioarteko hobekuntza-ikastaro ugari egin ditu Haarlem eta beste leku batzuetan, bereziki Anton Heillerekin Vienan (Austria) eta Luigi Fernandino Tagliavinirekin Bolonian (Italia).
1979-1980 ikasturtean lortu zuen organo-irakasle izendapena Marxek; 1987an, berriz, Friburgoko artzapezpikutzako Organo ikuskatzaile izendatu zuten. Mundu zabalean hainbat kontzertu eskainitakoa da Marx, eta asteburuan Azkoitia bisitatuko du alemaniarrak. Azkoitian ez ezik, Azpeitian eta Bergaran ere zikloko kontzertuak izango dira asteburuan. Honako lotura honetan ikus daiteke kontzertu guztien egitaraua eta ordutegia.