Beheko bideoan ikusi eta entzun daitekeen gisan, San Jose egoitzako egoiliarrek aurrea hartu diete gaur arratsaldean bertsolari 'profesionalei'. Adin adin egitasmoaren aurtengo edizioa martxan jarri duen saioa ematera joan dira San Josera Xebastian Lizaso eta Eneritz Artetxe bertsolariak, baina bertsotan hasi aurretik, egoitzako zenbait bizilagunek prestatuta zituzten bertso zaharrak entzutea eta txalotzea tokatu zaie azpeitiarrari eta azkoitiarrari.
Pozik entzun dituzte Lizasok eta Artetxek egoiliarrek botatako bertsoak, eta kantatzera ausartu gabe gelditu direnak animatu dituzte, hurrengoan berriro saia daitezen. Puntuka hasi direnean, datorren urtean bertsolariak gonbidatu gabe egoiliarrekin soilik saioa osatzea proposatu diete, baita hurrengo bertsolaritza txapelketa San Josen egitea ere.