Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko mobilizazioa egingo dute gaur

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 14a, 10:17

Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra ezarri die bederatzi buruzagi independentistei, eta Gure Eskuk neurriz kanpokotzat jo du epaia. Kataluniari babesa adierazteko asmoz, elkarretaratzea egingo dute plazan.

Gure Eskuk mobilizazioak deitu ditu Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaia jakin bezain laster, eta Azkoitian ere protestak egingo dituzte gaur, astelehena, arratsaldean. Beste behin ere, Kataluniari elkartasuna adierazteko herriko plazan bilduko dira herritarrak, 19:00etan.

Espainiako Auzitegi Gorenak autodeterminazio eskubidea "kriminalizatu" duela salatu du Gure Eskuk, eta kataluniarren erabakitze eskubidea ez ezik, euskaldunena ere "urratu" dutela gaineratu du. Gure Eskuren ustez, 2017ko urriaren 1ean "ariketa demokratikoa eta parte hartzailea" bultzatu zutenak "bidegabe" zigortu ditu auzitegiak, eta "neurriz kanpoko" epaia ezarri die politikari subiranistei.

2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitutako bederatzi buruzagi independentistari kartzela zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Gorenak, sedizio delituagatik. Bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkiete Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquin Forn, Jordi Turull, Jordi Rull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarti. Espetxe zigorrarekin batera, inhabilitazioak ere ezarri ditu, eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik ere zigortu ditu Junqueras, Romeva, Bassa, Turull, Sanchez, Cuixart eta Forcadell. Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras, berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta, beraz, haiek ez dituzte espetxeratuko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide