Herritarrak hasi dira Mapa Morea osatzen

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 9a, 10:25

Udalak lehen bilera irekia egin du Elkargunean, eta herritarren ekarpenak jasotzen hasi da genero ikuspegia kontuan hartuta, Azkoitiaren diagnostikoa egiteko.

Genero ikuspegia oinarri hartuta, Mapa Morea osatuko dute datozen hilabeteetan herrian, eta horretarako lehen bilera irekia egin zuten atzo, asteartea, Elkargunean. Udalak abiatu du parte hartze prozesua, eta Azkoitiaren diagnostikoa egiteko herritarren ekarpenak jasotzen hasi zen atzo erakundea. Patxi Galarraga arkitektoak zuzenduta, hainbat lagunek parte hartu zuten lehen saioan, eta abendura bitartean beste hiru saio egitea aurreikusi dute.

Udalaren esanetan, halako proiektuak lantzerakoan segurtasunari jarri ohi zaio arreta berezia, baina Azkoitiko Mapa Morea osatzerakoan, beste hainbat gai ere jorratuko dute, hala nola, arriskuen aurreko babesa, irisgarritasuna, mugikortasuna, ongizatea, denboraren kontziliazioa, hirigintzak zaintzari ematen dion arreta eta emakumeen adierazgarritasuna.

Herritarrekin ez ezik, herriko beste hainbat kolektiborekin ere eramango dute aurrera parte hartze prozesua; besteak beste, udal ordezkari eta teknikariekin ere bilerak egin dituzte, eta ikastetxeekin biltzeko asmoa ere badute antolatzaileek. Bide desberdinetatik jasotako ekarpenak kontrastatuko dituzte Mapa Morea osatzerako orduan, diagnostikoa "lan tresna" bihur dadin eta etorkizuneko proiektuetan aintzat har dezaten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide