EH Bilduk manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo ditu datorren larunbatean, urriak 12, Iruñean. Azaroaren 10eko hauteskundeetarako aurrekanpainari hasiera emango diote horien bidez, eta Azkoitiko EH Bilduk hara joateko autobusa antolatu du. Interesatuek bi aukera dituzte izena emateko: Zakela tabernara joanda edo azkoitia@ehbildu.eus helbidera idatzita.
EH Bilduren proposamena da urriaren 12a Hispanitatearen Eguna izan beharrean, aldarrikapen eguna izatea. Hori dela eta, Bagoaz lelopean egingo dute mabifestazioa. 17:00etan abiatuko da protesta Antoniutti parketik, eta Anaitasunan amaituko da; jarraian egingo dute ekitaldi politikoa. "Herritarrei ziurtasun eta ongizate maila handiagoa ematea ahalbidetuko duen proiektu politikoa gauzatu ahal izateko gure herriak burujabetza handiagoa behar duela sinesten duten euskal herritar guztiak" gonbidatu nahi ditu EH Bilduk mobilizaziora.