Urtero legez, Elosuko Ganadu Feria egingo dute larunbatean, urriak 12, Elur Txiki Jai elkarteak antolatuta. Aurtengoa, jaiaren 41. edizioa izango da, eta goizean goizetik hasita, hainbat ekitaldi izango da herritarren gozamenerako.
09:00etan hasiko da feria, eta goiz osoan zehar eskulangileen nahiz bertako produktuen azoka izango da. Horrez gain, ganadu erakusketa egingo dute, eta Elosuko txahala dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Gainera, 11:00etatik 14:00etara bitartean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte auzoan. Bien bitartean, 12:30ean hasita, Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak kantuan ariko dira frontoiko agertokian, eta jarraian, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek alaituko dute giroa.
Autobusak joan-etorrian
Azkoitiko Udalak hiru autobus ipiniko ditu larunbatean Elosuko feriaz gozatu nahi dutenentzat; horiek joan-etorrian ibiliko dira 09:00etatik 20:30era. Autobusak Eroski txikiaren aurreko geralekutik aterako dira, Julio Urkixo kaletik alegia, eta leku berera itzuliko dira. Doakoa izango da zerbitzua.