Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final zortzirenetako saioa Lasarte-Orian, eta bertan abestu zuten Unai Izagirre azkoitiarrak, Oier Aizpuruarekin, Aitor Salegirekin, Mikel Artolarekin, Eneko Araiztegirekin eta Iñaki Zelaiarekin batera. Azkoitiarrak ez zuen, baina, arratsalderik onena izan, eta ez zituen txapelketako final-laurdenetara sailkatzeko behar adina puntu eskuratu.
Saioa Mikel Artolak irabazi zuen 429 punturekin, eta haren atzetik sailkatu zen Iñaki Zelaia 412,5 puntu jasota. Hirugarren egin zuen Oier Aizpuruak (401), laugarren Unai Izagirrek (397,5) eta bosgarren Aitor Salegik (390). Seigarren, berriz, Eneko Araiztegi sailkatu zen (389,5). Hurrengo fasera sailkatzeko langa 416,5 puntutan gelditu da; Ane Zuazubiskar izan da zerrenda itxi duen bertsolaria.
Azkoitiko bertsolaririk ez da ariko txapelketaren hurrengo fasean lehian, baina final-laurdenetako azken saioa Azkoitian izango da azaroaren 2an. Baztartxo antzokiko agertokian izango dira Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi, Maialen Akizu eta Mikel Artola. Saio horretarako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.