Euskaltzaindiaren jarduna jasotzen duen Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna komikia aurkeztu dute gaur, osteguna, akademiaren egoitzan, eta han parte hartu du Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak (irudian, ezkerretik hirugarrena). Izan ere, azkoitiarrak komikiaren gidoia egin du, adierazi duenez, Euskaltzaindiaren historia ahalik eta "modu entretenigarrienean" kontatzen saiatu da, "mamiari" uko egin gabe: "Zailena izan da kontaketari bizitasuna ematea eszena eta pertsonaien arteko solasaldi zehatzen bidez, kontaketa orokorrari muzin egin gabe”. Era berean, idazleak adierazi du Euskaltzaindiaren "iraganeko irudia" aldatzen saiatu dela: "Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela".
Zabalak eta Amaia Ballesteros irudigileak 72 orrialdetan ondu dute komikia, eta "ukitu futurista" eman nahi izan diote istorioari, "Blade Runner filmaren antzera".
Argazkia: Euskaltzaindia