Kale Nagusiko bi etxebizitzatako teilatuak konpontzeko dirulaguntza emango du Gipuzkoako Aldundiak

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 17a, 12:15

Kultura ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko helburuarekin onartu duen laguntza 22.431 eurokoa izango da. Horietatik, 11.416 euro Kale Nagusiko 5 zenbakiko etxearen teilatua konpontzeko izango da, eta gainontzeko 11.015 euroak, 53 zenbakikoarentzat.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak laguntza onartu du Azkoitiko Kale Nagusiko bi etxebizitzatako teilatuak konpontzeko. Kultura ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko helburuarekin onartu duen laguntza 22.431 eurokoa dela jakinazari du Aldundiak. Horietatik, 11.416 euro Kale Nagusiko 5 zenbakiko etxearen teilatua konpontzeko izango dira, eta gainontzeko 11.015 euroak, 53 zenbakikoarentzat. Bi eraikinak udalerriaren Alde Zaharrean daude kokatuta, eta erdi mailako babesa dute.

Azkoitiko bi eraikinetarako emandako laguntzaz gain, Errezilgo Eitzeta baserriaren teilatuaren eta egituraren zaharberritzea egiteko 56.095 euro emango ditu, beste 14.772 euro Argarate baserriko teilatua zaharberritzeko, eta 22.000 euro inguru Azpeitiko Beristain baserriko teilatua konpontzeko.

Laguntzak onartzeko orduan lehentasunezkotzat hartu dituzte egitura sendotzeko obrak, teilatuen konponketak, eta ikuspuntu historiko eta artistikotik interes berezia duten elementu arkitektonikoen zaharberritzeak, ondorengo belaunaldiek ondare hori ezagutu eta goza ahal izan dezaten: "Garrantzitsua da ondarea mantentzea eta gazteek ezagutu ahal izatea, Gipuzkoaren kultura identitatearen oinarrizko alderdi bat delako. Aldundiari dagokigu ondarea babestuz memoria berreskuratzea eta bizirik eustea", agertu du Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide