Andramaixek 2019

Andramaixen balorazio positiboa egin du udalak, herritarren parte hartzea azpimarratuta

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 23a, 10:35

Jaien balorazio positiboa egin du udalak, festak bukatuta. Alkateak eskerrak eman dizkie festetan parte hartu duten herritar guztiei. Haren arabera, "festetako puntu beltz bakarra" hilaren 17ko goizaldean jazo zen sexu erasoa izan da.

Festak bukatuta, udalak gaur, abuztuak 23, kaleratu du pasatu berri diren andramaixen balorazioa. Erakundeak eskerrak eman dizkie kalera "ondo pasatzera eta ondo pasaraztera" atera diren herritarrei, "festa giro polita" nagusitu delako herrian. "Jendeak dena eman du herriko festetan, eta horri esker, sekulako festa giroa izan dugu, lagunarte alaia. Eskertzekoa da benetan herritarren parte-hartzea, eta nola ez, baita festak ondo joan daitezen lana egitea tokatzen zaien guztien dedikazioa ere", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak.

Haren arabera, jaietako puntu beltz "bakarra" emakume batek salatu zuen sexu erasoa izan zen. "Orduan ere, jendeak, gazteek zein helduek, gizatasuna eta sentsibilitatea erakutsi zuen, gertatutakoa isiltasunean irmo gaitzetsita". Zubizarreta dioenez, kasu tamalgarri hori kenduta, ez da beste gertaera azpimarragarririk pasatu festetan, eta hark esan du "prebentzioa eta segurtasuna giltzarri" direla. “Gero eta lan gehiago egiten da esparru horietan, eta ahalegin guztia egiten da gertaera desatseginik edo tragikorik jazo ez dadin. Dena ezin da saihestu, baina etxeko lanak eginak izatea ere garrantzitsua da”.

Udalaren arabera, beste hainbat ekitaldirekin batera, salbeak, kontzertuek, udal ordezkariek herritarrei eskainitako aurreskuak, familientzat bazkariak edota film laburren leihaketak jendetza erakartzen dute, baita erraldoien eta buruhandien kalejirak ere. Gainera, aurten lehen aldiz egin den freestyle bizikleta erakustaldia ere "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du udalak, eta jaiak inklusiboagoak izan daitezen Marea Urdinarekin izan duen lankidetza ere aipatu du erakundeak.

Festen unerik gorenena, baina, hilaren 18a izan ohi dela esan du erakundeak; hain zuzen ere, kuadrillen bazkaria. Aurten 1.500 lagunek bazkaldu dute plazan, eta 150 kilo arroz prestatu zituzten bazkariaren antolatzaileek. “Egun horrek duen gauzarik onena da gazte eta heldu kuadrillek elkarrekin gozatzen dutela. Jaietako egitarauko ekintza gehienek publiko definituagoa dute, eta zailagoa da adin ezberdinetako jendea batera ikustea gustu berberak partekatuz”, adierazi du alkateak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide