"Festetan ere ibaia zaintzeko" eskatu du udalak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 8a, 16:54

Udal ordezkariak, Alberdirekin eta Eizagirrerekin. (Azkoitiko Udala)

Andramarien atarian, udal ordezkari guztiek egin dute bat eskaerarekin, Iñaki Eizagirrerekin eta Gorka Alberdirekin elkartu ondoren.

Azkoitiko Udaleko alderdi guztiek eskaera bateratua egin dute Andra Mari jaien atarian “Festetan ere ibaia zaintzeko” eskatu du, hain zuzen ere, udalak, “festetan ere ibaia errespetatzeko eta zaborrik ez botatzeko bertara”.

Iñaki Eizagirre eta Gorka Alberdi herritarrekin elkartu ondoren egin dute udal ordezkariek ibaia zaintzearen aldeko aldarrikapena. Udalarekin lankidetzan, ingurumenaren zaintzan, eta bereziki ibaienean, egoerari buelta emateko dauden baliabideak eta aukerak aztertzea dute helburu epe labur, ertain eta luzera begira Eizagirrek eta Alberdik.

Azken hori udalaren kolaboratzaile bihurtu da ibaien zaintzan. “Ibaiaren arazoa ez da bakarrik lurrean uzten ditugun hondakinak haizeak arrastatzen dituela, hori ere arazoa den arren. Baina bada larriagoa denik. Astakeria da, baina oraindik batzuek zaborra leihotik zuzenean ibaira botatzen dute. Egunero jasotzen ditugu pardelak, zapiak, ontziak… Ez dago eskubiderik batzuek hori egiteko, beste batzuk konposta egiten eta birziklatzen ari direnean”, ohartarazi du Alberdik. “Horregatik, denei erantzukizuna har dezaten eskatzen diegu, eta hondakinak edozein txokotan botata ez uzteko”, gaineratu du.

Udalak, bere aldetik, horrelako jarrerak salatu ditu, “onartezinak” direla dio eta jokabide horiek “zuzentzeko” eskatzu du, “guztion ahaleginarekin eta borondatearekin ibaiari garbi eustea lor daitekeelako”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide