Andramaixek 2019

Andramaixek festa inklusiboagoak izateko neurriak aurkeztu dituzte udalak eta Marea Urdinak

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 7a, 18:28

Marea Urdineko ordezkariak, Javier Zubizarreta alkatea eta Sonia Vazquez zinegotzia. (Azkoitiko Udala)

14tik 18ra egunero ordubetez kenduko dute musika barraketan, eta aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako txartelak jarri dituzte, ilarararik egin ez dezaten.

Marea Urdina elkartearekin "gaia landu ostean, eta elkartearen eskakizunei erantzunez", Azkoitiko Udalak erabaki du barraketan musika kentzea abuztuaren 14tik 18ra bitartean, bi egunak barne, 18:00etatik 19:00etara. Aniztasun funtzionala duten pertsonek ere jaietaz goza dezaten erraztuz, festa inklusiboagoak sustatzea da udalak Marea Urdinarekin adostu duen neurriaren helburua. "Aniztasun funtzionala duten pertsonek ez dute ondo jasaten zarata, egonkortasuna hausten die. Horregatik da musika kentzearena, Marea Urdina festen atarian dauden udalerriei egiten ari zaien eskaera", azaldu dute.

Barrakekin lotuta eta aniztasun funtzionala dutenen erosotasuna errazteko beste neurri bat ere hartu du udalak: aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako txartelak atera dituzte, barraketan ibili nahi badute ilararik egin ez dezaten. Txartel horiek udaletxeko harreran eskatu behar dira eta eskuragarri daude dagoeneko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide