Ziurra izan ohi da Txintxarri Lokalaren parte hartzea andramaixetako film laburren lehiaketan. Antolatu zutenetik ia-ia urtero egin dute film labur bat, nahiz eta urteren batean edo bestean egin gabe gelditu. Ez dakite ondo nola hasi zuten bidea, baina eurentzat «urteroko lana» bihurtu da film laburra egitea. Ia 40 lagunez osatutako kuadrilla da Txintxarri Lokala, eta guztiak dira era batera edo bestera film laburraren partaide: batzuk aktore, besteak kamerari eta beste batzuk ideia sortzaile. Hori da, hain zuzen ere, mutil taldeari buruhauste handiena ematen dion zatia. «Ideia pentsatzeak eta hori garatzeak ematen digu buruhauste handiena», diote. Azaldu dutenez, gidoi orokor batetik abiatzen dira grabaketak egiteko, baina ez dute bakoitzak esan beharrekoa aurrez prestatzen: «Kamera jarri, eta momentuan etorritakoa edo norbaiti bururatutakoa grabatzen dugu».
Uztailean hasten dituzte urtero grabaketa lanak. Azaldu dute batzuetan «korrika eta presaka» ibiltzen direla, uda izanda «herritik irteteko joera» dutelako. Halere, grabaketa saioak ez dituzte egun kopuru batera mugatzen; bi edo hiru astean guztia grabatzen saiatzen dira. Eta, nola ez, grabatzen ikusita, aurtengo aurrerapen bat emateko eskatu diegu. «Ez dugu pista gehiegi emango; abuztuaren 15erako utziko dugu hori», esan dute, barre artean. ‘Beldurra’ da aurtengo gaia, eta «umoretik gutxi izan arren ikus-entzuleei barre eragiten» saiatuko direla nabarmendu dute. Argi dute Txintxarri Lokalean: «Herriko festetan egiten den gaia izanik, umoretik jokatu behar dugu».
Badituzte taldean aktore diren lagunak, baina ez direnek ere aktore rola betetzen dute. Lanak banatzeko, gidoi orokor bat prestatutakoan, zati bakoitzerako zenbat aktore behar diren erabakitzen dute, eta behin kopurua erabakita, lanak banatu. «‘Hik hau egingo al duk? Edo hau duk nahiago?’ Horrela jokatzen dugu», azaldu dute gazteek. «Ondo pasatzeko uneak izaten dira grabaketa saioak, sekulako barreak egiten ditugu». Batzuek protagonismo handiagoa izan ohi dute, besteek txikiagoa, baina irudi batetik bestera «aurpegi desberdinak» jartzen ahalegintzen dira. Aktore ez direnek, berriz, kamera lanak egiten dituzte, edota beharrezkoa den materiala lortzen lagundu. «Denak gara beharrezkoak lan honetan», azpimarratu dute. Grabaketa saioak amaitutakoan edizio lana egon ohi da atzean, eta «musikari garrantzia» ematen saiatzen dira mutilak. «Herriko plazan ondo entzuteko eta guztia ondo ulertzeko, soinuak ikaragarrizko garrantzia du», erantsi dute. Behin guztia erdi muntatua dutela, lokalean elkarrekin ikusten dute film laburra, «egin beharreko aldaketak eta hobekuntzak guztion artean adosteko». Halaber, orduan ikusten dute gero plazan «jendeak zer-nolako erreakzioa» izango duen. Eguna iristen denean, berriz, gogotsu izaten dira Txintxarri Lokaleko kideak. «Andramaixetako unerik ederrenetakoa da guretzat», diote mutilek.
Sari bat baino gehiago jaso dituzte Txintxarri lokaleko lagunek: azken lau edizioetan lau sari eraman dituzte. 2015ean, ‘Azkoitiko gazteak’ gaia zela, Oihaneko Txintxarri lana egin zuten, eta ikusleen saria irabazi zuten. Bi urte geroago, 2017an, ‘Parodia’ gaiarekin Herri txiki, infernu handi lana egin zuten, eta abuztuaren 15eko irabazle nagusiak izan ziren, epaimahaiaren eta ikusleen saria eskuratuta. Iaz, berriz, ‘Euskara’ gaitzat hartuta, Nik zergatik ez? lana egin zuten, eta ikusleen saria lortu. «Sariak eta oroigarriak lokalean dauzkagu, ondo gordeta», diote mutilek. Dirua, berriz, lokalerako erabiltzen dute.