Herriko altxorren artean, bisitak egingo dira Santa Klara komentura, Herriko plazara, parrokiara, Balda Dorreko San Inazioren kaperara eta San Martin ondaregunera. Halaber, Inaziotar Azkoitia, gune historiko monumentala, Intsausti Jauregia eta Zalduntxoen historia ezagutzeko aukera izango da.
Uztailean eta abuztuan, hilean lau egunetan egingo dira bisitak, eta irailean, hirutan. Uztailaren 20an, larunbat goizean, Munoaundira igotzeko proposamena luzatu da. Munoaundi duela 2.000 urte eraiki zuten eta indusketa arkeologikoa egiten ari dira garai hartako biztanleak nola bizi ziren aztertzeko. Arratsaldez, berriz, XVII. mendeko Santa Klara komentuan, Gipuzkoako monastegi handienetako batean, izango da bisita.
Uztailaren 21ean, igande honetan, Inaziotar Azkoitia ezagutu ahalko da.
Uztailaren 27an eta 28an, berriz, Herriko Plaza eta Balda Dorreko San Inazioren kapera, hurrenez hurren.
Loreto Aramendiren organo kontzertua
Bisita gidatuekin batera, hainbat egunetan irekiko da parrokia, eta abuztuaren 7an, Loreto Aramendiren organo kontzertua eskainiko da, Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik.
Gainerako proposamenak abuztuan eta irailean izango dira. Informazio gehiagorako jarri harremanetan Loiolako Turismo Bulegoarekin i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita edo 943 15 18 78 telefonora deituta.