Herritarrek giro paregabean ospatu dute Urrategiko eguna

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 14a, 14:35

Urrategiko Ama Birjinaren eguna da gaur, igandea, eta herritar ugari elkartu da eguerdian eta arratsaldean auzoan, festaz gozatzeko asmoz.

Azkoitiko zaindari Urrategiko Ama Birjinaren eguna da gaur, igandea, eta eguraldia lagun dutela, primerako giroarekin ospatu dituzte herritarrek auzo horretako festak. Auzotarrak ez ezik, herritar ugari elkartu da Urrategin eguerdian, eta Meza Nagusiarekin eman diote hasiera egunari. Jarraian, Agin Laburuk eta Iker Zubeldiak bertso saioa eskaini dute eta segidan herri kirolen saioa hasi da. Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Xabier Aranburu Guza hango bizilagunak eta Txikia IV.a eta Goenatxo III.a azkoitiarrek erakustaldia eskaini dute aizkorarekin eta harriarekin, eta han elkartutakoek adi jarraitu dituzte kirolarien lanak.

Joan zen ostiralean hasi ziren Urrategiko festak, mus txapelketarekin, eta gaur egun osoko festa eguna izan dute. Eguerdiko tartearen ostean, arratsaldean umeek gozatzeko aukera izan dute Lopeneren abereekin, jolasekin, puzgarriekin eta tailerrekin. 18:00etan, berriz, Etxabe, Koatei eta Txibilterko astoen arteko dema izan da. Aizarnazabalgo Etxabek irabazi zuen 'Lizarbe' manta. Zabale eta Larrañagaren eskutik erromeria eginez agurtu dituzte festak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide