Anjel Larrañaga: «Kupelaren ibilbidea aurten bukatuko da»

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 12a, 12:22

Anjel Larrañaga (erdian) Kupelarekin, joan den maiatzean Aristerrazun eman zuten saioan. (Ibon Errazu)

Larrañagak berak, Xabier Alberdi 'Zabale'-k eta Jexux Epeldek –lehen, Juan Ezenarro 'Berastegi'-k– osatutako musika taldearen ibilia azken txanpan da. Igandean Urrategin dute zita.

Hamabost bat urtez ehunka plazatan jo eta bost disko grabatu ondoren, Kupela taldeak agur esango du aurten. Anjel Larrañaga (Azkoitia, 1947) taldeko abeslari, pandero-jotzaile eta letra egileari «pixka bat gogorra» egiten zaio agurraz hitz egitea, baina «oso gustura» dago, betetako ibilbidea «oso-oso ona izan delako». Irakurri Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa:

Kupelaren ibilbidea bukatzea erabaki duzue. Erabaki erraza izan al da?

Neure buruari galdetzen nion noiz utzi behar nuen. Iaz liburu-disko bat aurkeztu nuen [Lana festa bihurtuz] eta pentsatzen nuen horrek lagunduko zidala bukaera ematen. Baina taldeko beste lagunak hor neuzkan, eta zalantzak ere banituen. Baina Zabale bera aurreratu zitzaidan eta horrek erraztu ditu gauzak. Guztiz uztea ala betiko leku batzuetara joateko atea irekita lagatzea, bi aukerak zeuden mahai gainean. Baina erabaki dugu ezetz, Kupelaren ibilbidea aurten bukatuko da.

Bertsolaritzatik natorren musikaria naiz ni, badauzkat urtero bertsotara joaten naizen plazak, eta horiekin jarraitzeko asmoa dut, momentuz.

Eta zergatik orain utzi?

Urte pila bat ibili gara oso maila handian. Zeinek esango zidan niri, ia ustekabeko gauza bat egiten hasi eta maila horietara eta hainbeste lekutara iritsiko ginenik. Esperientzia eta momentu polit asko bizi izan ditugu. Baina gaur egun, hainbeste lotura jartzen dizkizute… Bi jubilatuta gaude, baina jubilatua ez bazara ere, altak, bajak, fakturak eta agiriak, ikaragarri eskatzen dizute. Gero eta burokrazia gehiago dago tartean eta kezka ere ematen du, nola ote zabiltzan.

Erabakita al daukazue urte bukaera arteko egutegia? Azken emanaldia non egingo duzuen ba al dakizue?

Oraindik ez daukagu erabakita hori. Uste dut orain, jendeak uztera goazela jakiten duenean, egongo dela zeozer beti joan izan garen toki horietatik; horrela iruditzen zait, baina ez dakit. Dagoeneko lotuta dauzkagunekin jarraituko dugu orain, betiko erromeria giroan jarraituko dugu, eta bukaera ere horietakoren batean izango dela pentsatzen dut.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide