IX. Andramaixetako Laburmetrai Lehiaketarako hamar taldek eman dute izena. Aurreko edizioetan ohikoak diren taldeek eman dute izena, baina aurten estreinakoz parte hartuko dutenak eta inguruko herrietakoak ere izango dira. Uztailaren 5ean, ostirala, itxi zuen izena emateko epea Udalak. 'Beldurra' gaitzat hartuta, lanak egiten edota egindakoak aurreratzen hasi beharko dute parte hartzaileek orain. Nahiz eta izena hamar taldek eman duten, ikusi beharko da zenbat aurkezten diren, film laburrak abuztuaren 7rako, asteazkena, eraman behar baitira udaletxera.
Proiekzioa aurreratu dute
Izen ematea inoizko handiena izan da aurten; iaz zazpi taldek eman zuten izena eta aurten hamarrek. Hori ikusita, Udalak ziurtzat eman du film laburren proiekzioa 22:00etan hasiko dela, herriko plazan. Orain arte ohikoa izan da 22:30ean hastea, baina «gehiegi ez luzatzeko», ordu erdi aurreratu dute. Abuztuaren 15ean, 22:00etan eskainiko dituzte beldurrari lotutako lanak.