Andramaixetan, abuztuaren 15ean plazan egingo duten film laburren lehiaketan parte hartu nahi duten taldeentzat zabalik egongo da izen ematea datorren ostiralera arte, uztailak 5. Aurten 'Beldurra' izango da gai nagusia eta beldurrarekin loturikoak izan beharko dute film laburrek. Ekainaren 7an aurkeztu zituen Udalak lehiaketaren oinarriak.
Bestalde, filmen luzera aldatu da oinarrietan. Aurreko urteetan gehienez 4-10 minutukoak izatea eskatzen zen, eta aurten 12 minutura igo dute luzera. Gehienez, beraz, 12 minutukoak izango dira lanak. Gutxiengo denborarik, berriz, ez da zehazten. Filmak aurkezteko azken eguna abuztuaren 7a izango da eta beti bezala, film laburrak andramaixetan, abuztuaren 15ean, proiektatuko dira herriko plazan.
2017an 'parodia' eta 2018an 'euskara' izan ziren andramaixetako film laburren lehiaketako gaiak. Iaz, Tomas Lizarazuk eta Mikel Iraetak egindako '1,30' lanak jaso zuen epaimahaiaren saria. Publikoaren saria, berriz, Txintxarri Lokalaren 'Nik, zergatik ez?' lanak. 2017an, berriz, Txintxarri Lokalaren 'Herri Txiki, Infernu Handi' film laburrak jaso zituen epaimahaiaren eta publikoaren sariak.