Deus Ez eta Passepartout taldeak aukeratu ditu Arkupehotsak egitasmoak

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 2a, 11:28

ArkupeHotsak egitasmoko eta Deus Ez eta Passepartout musika taldeetako kideak.

Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu du Azpeitiko Kulturaz kooperatibak. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean bigarren edizioan kontzertua jo zuten taldeen artetik agertoki handian jotzeko eta bideoklip bat grabatzeko hautatuak aurkeztu dituzte; Deus Ez eta Passepartout taldeak, hurrenez hurren.

Beste urte batez abian da sortzaile berriak bultzatzeko Kulturaz kooperatibak garatzen duen ekimena. Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dituzte. Besteak beste, izen-emate epea irekia izango da -data kontuan hartuko bada ere-, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira.

Bigarren edizioan jotako taldeen artean, Deus Ez taldea hautatu dute agertoki handian bigarren kontzertu bat jotzeko. Passepartout taldeak, berriz, bideoklip bat grabatzeko aukera izango du ArkupeHotsak egitasmoaren bidez. Deus Ez 2016an Azkoitiko Koldo Sagarzazu eta Eibarko Eric Deza eta Alex Etxeberria musikariek sortutako rock alternatibo taldea da. Passepartout, berriz, 2015ean Azkoitian sortu zen Ruben Lizarralde, Xabi Arrieta, Itzi Beitia, Jontxu Ape eta Tomas Lizarazu musikarien eskutik.

Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide