Lelo lehiaketa abiatu du Herrixen elkarteak

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 27a, 15:00

Herrixen Azkoitiko dendaixen elkarteak lelo lehiaketa abiatu du, herritarrak merkataritza txikiaren inguruan sentsibilizatzeko. Horretarako, hainbat eginbehar zehaztu ditu elkarteak.

Herrixen dendaixen elkarteak Azkoitiko herria merkataritza txikiaren inguruan sentsibilizatzen jarraitu nahi du, eta orain lelo txapelketa abiatu du. Lehiaketan parte hartzeko Herrixen Azkoitiko Dendaixek Facebook orrialdea jarraitu beharko da, eta leloa aurkeztu —azkoitiarrez eta gehienez hamar hitz—.

Uztailaren 15a baino lehen herrixen@herrixen.eus helbide elektronikoan, Herrixen elkartearen postontzian edota Herrixenen Instagram eta Facebook orrialdeetan mezu pribatua bidalita parte hartu ahalko da lehiaketan. Leloarekin batera, izen-abizenak eta telefono zenbakia gehitzeko eskatu dute elkartetik.

50 euroko hiru bonu banatuko dituzte. Lehen saria parte hartzaileen artean banatuko dute. Bigarren bonua uztailaren 29an boto gehien jaso dituen leloaren jabeari emango diote; hirugarrena, berriz, boto emaileen artean egindako zozketa bidez banatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide