Musika, dantza eta sua San Joan bezperan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 21a, 07:55

San Joan bezperako gaua berezia izan ohi da askorentzat. Azkoitian suaren bueltan ospatzen den hitzordua da. Aurten Anaitasuna Kakute Xake Taldea eta Iraurgi Abesbatza izango dira protagonista, haiek piztuko dutelako Balda Plazako sua.

Anaitasuna Kakute Xake taldeak eta Iraurgi Abesbatzak izango dute aurtengo San Joan sua pizteko ohorea, igande honetan, hilak 23. Udalak herriko bi taldeei «merezitako aitortza» egin nahi die euren 40 urteko ibilbidean egindako lan boluntarioa eskertzeko. «Batzuk xakea zabaltzen eta sustatzen eta besteak, euren ahotsak plazaratzen. Guztiak dira Azkoitiko herriaren enbaxadore, eta horregatik nahi ditu zoriondu Udalak», azaldu dute Udaletik.

Egun gutxi geratzen dira San Joan sua pizteko, dantzak eta musikak lagunduta. Horra egitaraua:

Sua piztu aurretik, 19:30 inguruan, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola Dantza Taldeen eta Bizkargi Dantza Taldearen emanaldia izango da Balda plazan. Horren ondoren, Azkoitiko Musika Bandaren kalejira izango da. 22:00etan, Balda plazan, sua piztuko dute Anaitasuna Kakute Xake taldeko eta Iraurgi Abesbatzako kideek, Sahatsa Dantza Taldearen, Iraurgi Abesbatzaren, Parrokiako Abesbatzaren eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin. Festarekin jarraitzeko, Bizkargi eskolako dantza taldeak 'XI. Zatoz Dantzara Balda Plazara' emanaldia aurkeztuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide