Azkoitia-Azpeitia herriarteko finalerdia ostiralean, Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 13a, 13:09

Oteiza Pilota Elkarteko pilotari azkoitiarrek azpeitiarren aurka jokatuko dituzte herriarteko finalerdietako lehen partidak. Partida horiek Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte ostiral honetan, ekainak 14, 22:00etatik aurrera.

Ostiral honetan ekingo diote Azkoitiko pilotariek herriarteko azken kanporaketari. Altzo kanporatu ondoren iritsi dira azkoitiarrak txapelketaren azken aurreko koskara. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren eskuzko finalerdia izango da, eta Azpeitiarekin neurtuko dituzte indarrak. Ohi bezala, kadete, gazte eta senior mailako partidak jokatuko dituzte bi herrietako seina pilotarik. Oteiza pilotako elkarteko pilotari hauek jokatuko dute: Mikel Aranbarrik eta Ioritz Astigarragak kadete mailan, Iñaki Azkoitiak eta Jagoba Urangak gazte mailan eta Alex Juaristik eta Jon Juaristik senior mailan.

Aurkari gogorra du ostiral honetan Azkoitiak. Izan ere, azpeitiarrak partidarik galdu gabe iritsi dira finalerdietara, eta haiek dira, gainera, egungo txapeldunak. Duela bi urte ere topo egin zuten Azkoitiak eta Azpeitiak herriartekoan. Orduan, final laurdenetako kanporaketa jokatu zuten elkarren aurka, eta Ilunpe klubeko pilotariak nagusitu ziren joaneko eta itzulerako partidetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide