Udaleko Kultura Sailak herenegun, asteazkena, egin zuen bilera azken urteetako parte hartzaileekin bilera. Aurtengo oinarriak azaltzeaz gain hainbat erabaki hartu zituzten eta horiek jakinarazi dituzte gaur, ostirala. Iaz 'euskara' izan zen lanak egiteko gaia; '1,30' eta 'Nik, zergatik ez?' izan ziren irabazleak. Aurten, beldurrarekin lotutako film laburrak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hauek dira Andramaixetako VIII. Laburmetrai Lehiaketako oinarriak:
- Gaia: Beldurra.
- Lanen iraupena: Gehienez 12 minutukoak izan beharko dute eta formatu digitalean eginda egon beharko dute: DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatuan. 12 minututik gorako lanak, lehiaketatik kanpo geratuko dira.
- Hizkuntza: euskara.
- Lehiaketan 16 urtetik gorakoek har dezake parte.
- Lanak, originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dute.
- Izen emateko epea: ekainaren 17tik uztailaren 5era egongo da zabalik. Lanak aurkezteko azken eguna: abuztuak 7.
- Lanak aurkezteko tokia: Azkoitiko Udaletxeko kultura saila.
- Sariak: 1. saria: 250 euro eta oroigarria / Ikuslearen saria: 150 euro eta oroigarria. Oharra: Lehenengo saria lortzen duenak, ezingo du ikuslearen saria jaso.
- Izen ematearen ondoren, lan asko aurkeztuz gero, parte hartzaileekin bilera bat antolatuko da zer neurri hartu erabakitzeko.
- Lau film labur baino gutxiago aurkezten badira, ez da lehiaketarik izango. Gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiek 125 euroko dieta izango dute.
- Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dira onartuko.
- Laburmetrai proiekzioa, abuztuaren 15ean, gaueko 22:30ean herriko plazan egingo da. Lehenengo saria epaimahaiak erabakiko du eta bigarrena, herritarrek.