Herri Jaia Azkoitiko baserritarrak eta baserriko bizimodua txalotzeko sortutako ekimena da, baserriko produktuak balioan jarri, plazaratu eta kontsumitzaileak bertako produktuen kalitateaz jabetzen laguntzeko. Herriko baserri hauek parte hartu dute: Ipintza, Zumeta, Santa Kutz, Etxearreta, Zabaleta eta Berastegi. Halaber, postuak jarri dituzte Errezilgo dendak eta Oreka elkarteak.
Horrez gain, urtero bezala, Ikurriñaren plazan txahala erre dute, eta Eusko Labela duen txahalaren okela pintxoa dastatu dute herritarrek. Gainera, pintxoei laguntzeko, etxe ezberdinek ekoiztutako sagardoa edan dute zenbaitek. Guztira, lau sagardogile izan dira: Aburuza, Lizeaga, Añota eta Zabala.