Ekainaren 8an, zapatua, ospatuko dute bosgarren aldiz Pelotai Eune. Ostiralean, ordea, 'Azkoitiko Pilota Lekua' dokumentala eskainiko dute, 18:30ean, Elkargunean. Sarrera doan izango da. Zapatuan, berriz, txistulariak doinuekin esnatuko da Azkoitia. Txistulariekin batera, erraldoiak eta buruhandiak kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Txosna ere jarriko dute plazan eta txorizo egosia eskainiko dute; 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara irekita izango da. 12:00etan, nesken txapelketako hiru partida jokatuko dituzte Kontzejupean. Finala ere orduan jokatuko dute. Hiru partidetako azkena izango da txapelketako finala. Finala amaitutakoan egingo dute sari banaketa.
Pilotariekin eta pilotari ohiekin ere ohiko kalejira egingo dute goizean. 13:15ean, pilotari zaharrei omenaldia egingo diete Kontzejupean, eta segidan 'pelotazue' botako dute egunari hasiera ofiziala emateko. Karlos Arrizabalaga 'Xapatero' izango da aurten 'pelotazue' botatzeko ardura izango duena. Segidan, mutilen pilota partida erakustaldia egingo dute. Epelde-Zendoia bikote azkoitiarra Iurgi-Uzkudun bikote azpeitiarraren aurka arituko da. 14:30ean, bazkaria egingo dute Berdura plazan. 260 lagun inguruk eman dute izena aurtengo bazkarirako. Entsalada, errusiar entsalada, oilaskoa eta postrea eskainiko dituzte, sagardo txotxak lagunduta.
Bazkalostean, arratsaldeko egitarauari emango diote jarraipena. 17:30ean, 'kaleazka' herrikoia egingo dute Kontzejupean. 18:00etan, berriz, Oteiza Pilota Eskolako gazteek bi partida jokatuko dituzte. 19:00etan, nesken pilota partida erakustaldia izango da. Arrieta-Bikendi bikote azkoitiarra, Orbegozo-Badiola bikote azpeitiarraren aurka lehiatuko da. Emakumeen partida bukatu bezain laster, mutilen pilota partida erakustaldia izango da. Andueza-Juaristi bikote azkoitiarra, Egiguren-Urbieta bikotearen aurka arituko da.
Kamisetak eta erakusketa
Pelotai Euneko kamisetak salgai dituzte antolatzaileek, eta azken aleak aste honetan salduko dituzte. Asteazkenean eta ostegunean Kontzejupe inguruan jarriko dute mahaia. Asteazkenean, 18:00etatik 20:00etara egongo dira, eta ostegunean, 19:00etatik 20:00etara. Halaber, Torre Zuri erakustokian erakusketa zabalduko dute. Ostegunean, 18:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak erakusketak; zapatuan, berriz, irekita egungo da egun guztian zehar.