Pentekoste jaiak ospatuko dituzte asteburuan Martirietan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 4a, 10:50

Martirieta auzoa.

Datorren ostiraletik igandera bitartean Pentekoste jaiak ospatuko dituzte Martirietan. Mus txapelketa, afaria, erromeria eta meza egingo dituzte, besteak beste, aurtengo festetan.

Ostiralean, ekainak 7, hasiko dira Martirietako Pentekoste jaiak. Mus txapelketa egingo dute auzoko elkartean, 22:00etatik aurrera. 21:30ean zabalduko dute izen ematea, eta bikoteko 25 euro ordaindu beharko da. Lau erregetara eta hiru ustel egitera jokatuko dute txapelketa. Bikote irabazleak 400 euro eta txapelak irabaziko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 200 euro jasoko ditu.

Zapatuan, jaietako bigarren egunean, afaria eta erromeria egingo dituzte auzoko elkartean. 20:30ean hasiko da afaria, eta urdaiazpikoa, legatza, saiheskia eta txuleta parrilan, ijito besoa izozkiarekin, kafea eta kopa eskainiko dituzte. Afaltzeko izena eman beharko da 30 euro ordainduta. Horretarako, 685 732 981 telefono zenbakira deitu beharko da ekainak 7, ostirala, baino lehen. Afalostean, berriz, erromeria egingo dute Laja eta Lutxurdiorekin.

Igandean, ekainak 9, meza nagusia egingo dute auzoko elizan, 11:30ean. Meza amaitu bezain laster, hamaiketakoa egingo dute auzoko elkartean. Trikitilariak ere bertan izango dira giroa alaitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide