Igor Zubeldia Espainiako selekzioarekin ariko da beste behin

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 31a, 18:13

Igor Zubeldia.

Igor Zubeldiak (Azkoitia, 1997) Europako Txapelketa jokatuko du Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin.

Ekainaren 16an, San Marinon (Italia) jokatuko du lehen partida Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin, Italiaren aurka. Gainera, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkapena ere jokoan izango da aurtengo txapelketan.

Luis de la Fuente hautatzaile espainiarrak zelai erdian jokatzeko aukeratu du Zubeldia. Guztira, 25 jokalari hautatu dituzte Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatzeko, eta horietako bat da talde txuri-urdineko azkoitiarra. Realarekin aurtengo denboraldia amaituta, gaur, maiatzak 31, elkartu da selekzio espainiarrarekin. Txapelketa ekainaren 14an hasiko da eta ekainaren 30ean amaituko da.

Guztira, hamabi selekziok parte hartuko dute txapelketan, lauko hiru multzotan banatuta. A taldeari dagokion Espainiak Italiaren —ekainaren 16an—, Belgikaren —ekainaren 19an— eta Poloniaren —ekainaren 22an— aurka neurtu beharko ditu indarrak. Finalerdietara iristen diren lau talde sailkatuko dira Olinpiar Jokoetara.

Azkoitiarra aurrez ere aritu izan da Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin; hiru neurketa jokatu ditu dagoeneko. Haren lehen aldia duela bi urte izan zen, Albaniaren aurka, Europako txapelketara sailkatzeko partidan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide