Zapore eta ukitu karibetarrak Azkoitian

Babestutako albistea 2019ko eka. 15a, 08:00

Xabier, Patricia, Araitz eta Ricardo, Galipan taberna eta jatetxearen lau ekintzaileak.

Galipan Karibe itsasoaren eta Caracas hiriaren (Venezuela) artean dagoen mendiko herrixka bat da. Txikitatik ikusi, sentitu eta bizi izan duten txoko txiki hori Azkoitira ekarri nahi izan dute Araitz, Patricia, Ricardo eta Xabier gazteek. Eta jada ireki dituzte Galipan taberna eta jatetxearen ateak, Balda plazan.

«Taberna eta jatetxe soil bat baino gehiago da Galipan: gure bizi proiektua da. Benetan sinesten dugu proiektu honekin, eta, horregatik, mimoz eta maitasunez landu dugu. Eta aurrerantzean ere ideia hobetzen, berritzen eta gozatzen jarraitzeko konpromisoa dugu», diote.

Lau ekintzaileek, denak ere venezuelar-euskaldunak, euren bi herrialde kuttunak jatetxean islatu nahi izan dituzte, hala dekorazioan nola sukaldean. Hala, leku berri batez gain, bestelako gune bat eskainiko diete azkoitiarrei: «Taberna, jatetxea, txoko pribatua eta terraza ditugu. Giro desberdina dute, bezeroek behar dutenera egokituak. Sukaldean, berriz, fusioa da oinarria: euskal plater ezagunez gain, jendea dastatzera bultzatuko duten beste plater ezezagun batzuk ere prestatuko ditugu».

 

Kalitatearen eta bertako produktuaren aldeko apustua

Hori bai, bada plater guzti-guztiek izango duten osagai bat: kalitatea. «Negoziaezina da hori. Bertako produktuen aldeko apustua egin nahi dugu, etxean egindako eta landutako produktuak eta platerak eskainiz», azaldu du laukoteak.

Bi urtez proiektua ontzen ibili ondoren, Galipaneko ateak zabaldu dituzte, eta, goizean goiz hasi eta iluntzera bitartean, jateko aukera ugari izango dute azkoitiarrek. Lehen orduan, kafearen, tostaden eta bizkotxoen usain goxoekin gosaltzeko parada izango dute bezeroek. Hamaiketakoa egiteko, berriz, pintxo aukera zabala eskainiko dute: ohiko euskal pintxoak eta pasapalo criollo-ak.

Bazkalordua iristean, eta astelehenetik ostiralera bitartean, askotariko platerez osatutako menu bat hautatu ahalko dute bezeroek, eta asteburuan, berriz, karta edo menu berezia eskainiko dute. Afariari dagokionez, asteazkenetik igandera bitartean ogitartekoak, hanburgesak eta kartako aukerak izango dituzte, besteak beste.

«Galipanen, bi herrialdek bat egiten dute, bata bestetik urruti egon arren. Beraz, azkoitiar guztiak gure sustraiak ezagutzera gonbidatzen ditugu, kalitateak, produktuak eta lekuak mereziko dutelako!», azaldu dute.

Facebook: Galipan jatetxea.

Instagram: galipan_jatetxea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide