Zapatuan jokatuko ditu Azkoitiak herriarteko partidak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 30a, 07:46

Datorren zapatuan, ekainak 1, jokatuko ditu Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako partidak, hala gomazko paletakoak, nola eskuzkoak. Goizean, gomazko paletako pilotariek Anoeta hartuko dute, Gurean, eta arratsaldean, Altzon arituko dira eskuzko pilotariak.

Final laurdenetan da Azkoitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, bai gomazko paletako txapelketako, bai eskuzko txapelketan. Datorren zapatuan, ekainak 1, jokatuko dituzte partidak, 10:00etan hasita palista azkoitiarrek. Itzulerako partidak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan, Anoetaren aurka. Joanekoan bat eta bi nagusitu ziren azkoitiarrak. Iker Epeldek 6 eta 20 irabazi zuen kantxa osoan. Jokin Aizpuruk eta Igor Juaristik 8 eta 20 irabazi zuten binaka, baina Markos Azpirozek 20-12 galdu zuen zazpi koadroren barruan.

Eskuzkoan, berriz, final laurdenak Altzon hasiko ditu Azkoitiak. Zapatuan, 17:00etatik aurrera jokatuko dituzte hiru partidak Altzoko Altzo Muino pilotalekuan. Final zortzirenetan sei eta huts irabazi zuen Azkoitiak Andoainen aurka. Altzok, bere aldetik, bost eta bat menderatu zuen Oñati. Finalerdietarako urratsa emateko asmoz, emaitza ona ekartzen ahaleginduko dira pilotari azkoitiarrak Gurean jokatuko diren itzulerako partidetara. Hurrengo ostiralean, ekainak 7, jokatuko dituzte Azkoitiko partidak, 22:00etatik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide