I. Goilurrak Basque Highlands Rallya zapatuan Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 30a, 20:07

I. Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute zapatuan, ekainak 1, Goierri eta Urola bailaretan. Zortzi zati izango ditu rallyak, eta Azkararatetik bi aldiz pasatuko dira autoak. Ostiralean, ordea, irteera ekitaldia egingo dute Plazaberrin.

Datorren zapatuan Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute. Zortzi zatitan banatu dute Rallya eta horietako bi Azkoitian egingo dituzte, Azkaraten. Bigarren eta laugarren zatiak izango dira Azkaratekoak. Mandubia eta Azkarate tartekatuz egingo dituzte rallyaren goizeko lau zatiak.

Mandubiatik 09:40 inguruan iritsiko dira autoak Azkaratera, eta orduan burutu beharko dute Azkoitiko lehen zatia. Azkarateko lehen saioa amaitutakoan, berriz ere Mandubiara joan beharko dute parte hartzaileek. Azkoitira 12:55ean itzuliko dira herriko azken saioa egiteko. Goizeko lau zatiak amaitutakoan, Azkoitiko plazan egingo dute neutralizazioa, 13:35 inguruan. Arratsaldean, berriz, Garinen eta Mutiloan egin beharko dituzte rallyko beste lau zatiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Azkarateko errepidea itxiko dute 08:30etik 14:30era.

70 bat autok parte hartuko dute zapatuko rallyan. Horietako auto batean Mikel Madinabeitia eta Iraitz Olariaga azkoitiarrek parte hartuko dute. Lazkaoko Ikullu Razing Eskuderiak eta Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek antolatu dute rallya, eta Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Halaber, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute.Antolatzaileek azaldu dutenez, 5.000 ikusle inguru espero dituzte.

Autoak ostiralean, Azkoitian

Ostiralean, maiatzak 31, Azkoitian izango dira I. Goilurrak Basque Highlands Rallyan parte hartuko duten auto guztiak. Plazaberrin elkartuko dira parte hartzaileak. Ostiralean Lazkaoko erdigunean egiaztatuko dituzte auto parte hartzaileak. Lazkaotik Azkoitira etorriko dira autoak, eta irteera ekitaldia izan arte bilduko dira rally autoak herrian. Gaua, ordea, Lazkaoko plazan pasatuko dute autoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide