Joan den zapatuan hiru eta huts galdu zuen Anaitasunako mutilen taldeak Eibarko Unbe zelaian. 500 azkoitiar baino gehiago izan ziren Eibar-Anaitasuna ikusten, baina Anaitasunak ez zuen lortu gutxienez behar zuen puntua; ondorioz, Tolosa taldeak lortu zuten zuzeneko igoera Espainiako Hirugarren Mailara.
Mailaz igotzeko gelditzen diren aukera guztiak agortu nahi ditu orain Anaitasunak. Izan ere, aukera badu oraindik taldeak, «oso-oso txikia» baldin bada ere. Arabako Salvatierra eta Bizkaiko Iurretako taldeak izango ditu arerio Hirugarren Mailara igotzeko play off partidetan; hiru taldeetako onenak lortuko du igotzeko txartela. Txartel horrek, ordea, ez du baliorik izango Espainiako Hirugarren Mailatik Espainiako Bigarren B Mailara igoera play off-ak jokatzen ari diren lau euskal taldeek —Portugalete, Sestao River, San Ignacio eta Deportivo Alaves B— igoera lortzen ez badute; era berean, Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara ez jaisteko kanporaketa jokatzen ari den Real Unionek ere mailari eutsi beharko dio.
Datorren asteburuan, Txerloian jokatuko dute lehen neurketa gorrixek Iurretako taldearen aurka, eta ekainak 15-16 asteburuan bigarrena, Salvatierra taldearen aurka. Anaitasunak, beraz, bere partidak aurrera atera eta goiko mailetako taldeek egiten dutenaren zain egon beharko du Hirugarren Mailara itzultzeko.