Hirugarren Mailara itzultzeko aukera izango du Anaitasunak Eibarren

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 24a, 11:01

(Argazkia: Maialen Arzalluz)

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailara itzultzeko aukera du bihar, maiatzak 25, Eibarren. Denboraldia amaitzeko jardunaldi baten faltan, puntu bat behar du matematikoki mailaz igotzeko.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak Eibarko Unbe zelaian jokatuko du bihar, zapatua, Eibar liga txapeldunaren aurka. Eibartarrek ez dute dagoeneko ezer jokoan, baina bai Anaitasunak. 17:30etik aurrera, Xabier Artetxek zuzentzen duen taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko aukera izango du urte baten ondoren.

Anaitasuna ez da mailaz igoko, ordea, liga lehen postuan amaituta. Eibar taldeak amaitu du liga txapelketa lehen postuan, Eibar izan da txapelduna. Talde armaginak, ordea, ezin izango du mailaz igo klubarekin lotura duen CD Vitoria taldea Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara jaitsi delako. Anaitasunak ohar bidez azaldu duenez, «araudiak ez du onartzen lotura duten klub bereko bi talde maila berean lehiatzen». Ondorioz, Gipuzkoako Ohorezko Mailako bigarren sailkatuak izango du aukera Hirugarren Mailara igotzeko.

Ligako azken jardunaldiaren faltan, Anaitasuna da bigarrena sailkapenean, Tolosa hirugarren sailkatuak baino hiru puntu gehiagorekin. Tolosak Añorgaren aurkako partida irabazten badu, 'gorrixek' puntu bat batu beharko dute gutxienez; Anaitasunak Tolosaren aurkako bi neurketak galdu ditu Tolosaren aurka, eta ondorioz, puntu berdinketarekin Tolosak lortuko du mailaz igotzeko txartela.

Jarraitzaile asko Eibarrera

Anaitasuanako mutilen taldea ez da bakarrik izango Eibarren. Klubak autobusak antolatu ditu Azkoititik Eibarrera, eta 250 jarraitzailek eman dute izena; lau autobus beteko dituzte. 12:00etan abiatuko da 60 lagun inguru emango dituen autobusa, eta gainerakoak 16:30ean zuzenean zelaira joango dira. Anaitasunak jakinarazi duenez, sarrera doan izango da Unbe zelaian, baina zelairako sarreran «segurtasun neurri zorrotzak» hartuko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide