Haizea Muñoz, Paula Iragorri eta Borja Rubiños zapatuan, Santa Kutzen

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 15:28

Ezkerretik eskuinera, Muñoz, Iragorri eta Rubiños. (Argazkia: Udala)

Datorren zapatuan, maiatzak 18, XVIII. Udaberriko Musikaldiko hirugarren kontzertua eskainiko dute, Santa Kutz monastegian. Hirugarren hitzorduan Haizea Muñoz, Paula Iragorri eta Borja Rubiños izango dira protagonista.

Haizea Muñoz sopranoa, Paula Iragorri mezzo-sopranoa eta Borja Rubiños piano jotzailea izango dira protagonistak. Monteverdi, Häendel, Gluck eta Mozart konpositoreen obrekin osatu du egitaraua hirukoteak.

Haizea Muñoz Donostian jaioa da, Iragorri eta Rubiños bezala, eta hainbat eta hainbat ziklo eta jaialditan hartu du parte. Galiziako Orkestra Sinfonikoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak edota Opur Lirica Orkestrak lagunduta hainbat auditorio bete ditu. 'El Barbero de Sevilla', 'La Traviata' edo 'La Flauta Mágica' dira interpretatu dituen opera obrak, beste askoren artean.

Paula Iragorrik Japonian eta Alemanian egin ditu birak Haydnen 'Vesperae solennes', Pergolesiren 'Stabat Mater' edota euskal eta espainiar musika interpretatuz. Bere azken lanen artean azpimarratzekoak dira, 'La Flauta Mágica' obran hirugarren dama gisa parte hartu izana edota Berlingo Philarmonie-ren Kammermusiksaaal-en 'El Amor Brujo'-ren interpretazioa.

Borja Rubiños Opus III Ensemple perkusio taldeko ohiko pianista da, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin ere jotzen du. Akonpinamenduaren eta ganbera musikaren arloan aritzen da.

Autobus zerbitzua

Hitzordua 18:30ean izango da Santa Kutz komentuan. Ohi bezala, Udalak autobus zerbitzua ipiniko du joan-etorria egiteko. Autobusa 18:00etan abiatuko da Julio Urkixoko geralekutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide