Ibilgailu klasikoak Azkoitian elkartuko dira igandean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 10a, 12:00

Iazko auto klasikoak, Baldan. (Argazkia: Maxixatzen)

Igandean, maiatzak 12, Ibilgailu Klasikoen VIII. Topaketa egingo dute herrian. Plaza Berrin elkartuko dira goizean, eta guztiek elkarrekin ibilbide bat egingo dute gero. Berriz herrira itzuliko dira, eta azkenik denak bazkaltzera joango dira.

09:00etatik 10:30etara bitartean, ibilgailuak herrira iristen hasiko dira, eta gero, 11:00etatik 12:30era bitartean ibilbidea egingo dute. Azpeitira abiatuko dira Azkoititik, eta handik Urrestilara joango dira. Urrestilatik herrira itzuliko da ibilgailuen karabana eta San Jose Egoitza paretik igarota, berriz, Plaza Berrira sartuko dira.

Aurtengo edizioan izango da berrikuntzarik. Marea Urdinako kideek, Goienetxe Fundazioko kideek eta Txolarteko kideek topaketa egunean «autoarekin ibilbidea egiteko aukera» izango dute. Horrez gain «kamioi gehiago» izango direla aipatu du Antonio Sudupe antolatzaileak. «Iaz kamioi bakarra izan zen, baina aurten gehiago etorriko direla baieztatu digute», gaineratu du. Ibilbidea egin ondoren, Plaza Berrin ibilgailuen erakusketa egingo dute, 14:30era arte, orduan bazkaria egingo baitute. Bazkalostean, 17:00ak inguruan, parte-hartzaileen artean doako zozketa egingo dute.

Motozerra erakustaldia zapatuan

Bihar, zapatua, Joxe Felix Zubizarretak motozerra erakustaldia eskainiko du birritan. 13:00etan, Aita Madinabeitia plazan arituko da Zubizarreta, eta 19:30ean, Plaza Berrian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide