Korrika lagunartean

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 16a, 10:24

Ttipi-Ttapa taldeko kideak.

Ttipi-Ttapa taldeak maiatzeko Maxixatzen aldizkariko 'Komunitatin leixue' atalerako idatzitako artikulua:

Emakume talde baten antxintxikarako gogoa eta inguruetako herrietan korrikarako hainbat emakume talderen sorrera izan zen orain bost urte Ttipi-Ttapari hasiera emateko aitzakia. Hasierako emakume talde txikiari 40 bat emakume batu zitzaizkion ekimenaren berri emateko lehen bileran. Ordutik, astean bi-hiru egunetan batzen gara (astearte eta ostegunetan 09:30etik 10:30era edo 18:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 10:00etara), bakoitzak bere erritmoan kilometro batzuk egiteko eta ondoren Elkarguneko gela batean lagunartean luzaketa ariketa batzuk egiteko. Hasieran denak batera irten eta amaierako ariketak taldean egin arren, bitartean egiten den korrika saioa bakoitzak bere erritmoan egiten du, eta beti egoten dira hori egiteko lagunak, zure erritmoarekin bat egiten duen norbait, alegia.

 

Bakoitzak helburu ezberdinak jartzen ditu: batzuek Azpeitiko San Silvestrea, beste batzuek Azkoiti-Azpeitiko maratoi erdia… Aurten gure taldeko partaide batzuek parte hartu dute Azkoiti-Azpeitiko 8 kilometroko lasterketan, eta esan beharra dago lasterketa horretan %50 emakumeak izan direla.

Taldean hainbat lasterketatan parte hartzetik herrian lasterketa bat sortzeko ideia atera zen 2015. urtean. Orduan egin zen lehena, eta bi urtetik behin lasterketa egiteko erabakia hartu zen. Baina lasterketa soil bat egin beharrean lasterketa solidario bat egiteko ideia bururatu zitzaigun. Aurtengo irailean hirugarren lasterketa solidarioa egitekoak gara, eta aurten ere aurreko bi edizioetan herriaren partetik jasotako erantzun berbera jasotzea espero dugu (aurrerago datu gehiago emango ditugu).

Korrika egiteko aukeraz gain lagunarte ederra sortzeko aukera eman digu Ttipi-Ttapak. Eremu eta adin tarte ezberdinetako jendea batzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea eman digu. Beraz, norbaitek antxintxikarako gogoa badu eta bide batez giro ona nahi badu, badaki nora joan behar duen. Ziur egon zure erritmoan ibiltzen den norbait aurkituko duzula!

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide