Udan Azkoitian izango diren lehen kontzertuen berri eman dute antolatzaileek. Uztailaren 20an, zapatua, Willis Drummond taldearen eta Pablo Hasel rap-kantariaren kontzertuak izango dira herriko plazan, 23:00etatik aurrera. Um Blem Ble Azkoitiko tabernarien elkarteak antolatu ditu kontzertuak.
Gozategi taldea ere Azkoitian izango da. Oraindik ordua zehaztu ez badute ere, abuztuaren 14an, andramaixetako lehen egunean, emango du Gozategi taldeak kontzertua herrian. Horrela baieztatu du taldeak bere sare sozialetan. 'G-puntua' azken diskoarekin herriz-herri dabil Gozategi taldea, eta andramaixetako lehen egunean Azkoitian egingo du geldialdia. Azkoitiko Udalak andramaixetarako egitarauaren barruan antolatutako lehen kontzertua izango da Gozategi taldearena.