Hasi da Udaberriko Musikaldia Zugaz bikotearekin

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 7a, 08:17

Udaberriarekin batera, Azkoitiko Santa Kutz komentuan XXVIII. Udaberriko Musikaldia abiatu da.

Maiatzaren 4an hasi zen aurtengo Udaberriko Musikaldia. Aurten 28. edizioa du musikaldiak. Komentuko agertokira igotzen lehena Zugaz bikotea izan da, Elena Cadierno azkoitiarra eta Mercedes Medina piano jotzaileek osaturiko ZUGAZ taldearekin. Aita Donostia, Maurice Ravel, Alexandre Tansman edota George Gershwin konpositoreen obrak jo zituzten.

 

Mercedes Medina

Bere aitak J. A. Medina Labradak gidatuta egin zituen, batez ere, musika eta piano ikasketak. Pianoko Karrera Amaierako Lehen Saria eta Musika Ganberako Karrera Amaierako Lehen Saria lortu zituen Donostiako Kontserbatorioan. Goi mailako gradua egin zuen Sevillako Goi Mailako Kontserbatorioan Ramon Coll okaslearen eskutik, eta ondoren, ikasketak hobetu zituen Frederic Gevers ikaslearekin.

1982an katedra laguntzailearen plaza lortu zuen, oposizio bidez, Donostiako Musikako Goi Mailako Kortserbatorioan.

Interprete gisa musika ganberako hainbat talderekin jo du sarritan. 2016tik Duo Sarasate osatzen du, Jonathan Mesonero biolin jotzailearekin batera.

Disko bat grabatuko dute elkarrekin 2019an, eta AECIDen lankidetza kulturaleko 2019rako programetan parte hartzeko hautatuak izan dira.

Medinak, gainera, pianorako musika azaldu eta hedatzeko modu berriak bilatzen dituen proiektu batean lan egiten du, Ortzai & Zugaz Pianora taldearen barruan.

 

Elena Cadierno

Azkoitian hasi zituen bere musika ikasketak, Pilar Elorza irakaslearekin, Bizkargi Musika Eskolan. Ondoren, Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitu zuen, Mercedes Medina eta Cristina Navajas piano irakaslearekin.

Hainbat beka eta laguntza jaso ditu, eta horien artean azpimarratzekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka eta LartundoFundazioaren beka. Horiei esker amaitu zituen graduondoko ikasketak Rotterdameko Kontserbatorioan, Aquiles Delle Vigne pianistarekin.

Rotterdam Philarmonische Orchestra-ko musikariez osatutako Doelen Ensemble taldearekin jardun da, eta bakarkako errezitaldiak nahiz ganbera musikako kontzertuak eman ditu Holandako eta Espainiako auditorioetan.

Pianista lanetan aritu da Arrasate Musikaleko kantu eskolan eta Izaskun Murgia Elkarte Lirikoan. Bestalde, pianoko eta errepertorioko irakasle izan da hainbat kontserbatoriotan. Nabarmentzekoa da Albaceteko (Ciudad Real) Auditorioan Musikako eta Dantzako Errege Kontserbatorioko Bandarekin eskaini zuen kontzertua, non "Concierto nº 2 para piano y orquesta" (D. Shostakovich) interpretatu baitzuen.

Gaur egun hainbat proiektutan parte hartzen du, talde eta musikari askorekin. Piano irakasle lanpostua eskuratu zuen, oposizioz, eta Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan irakasten du.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide