Senar-emazteen gorabeherak 'Zoaz pake santuan' antzezlanean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 2a, 11:46

Mikel Laskurain, Sonia Vazquez zinegotzia eta Martin Agirre. (Argazkia: Maxixatzen)

Datorren zapatuan, maiatzak 4, 'Zoaz pake santuan' antzezlana taularatuko du Txalo produkzioak, Baztartxo antzokian. 19:30ean hasiko da komedia lana, eta senar-emazte batzuen gorabeherak aurkeztuko dituzte.

Bikote baten arteko gorabeherak mugarri jarrita, Txalo produkzioak 'Zoaz pake santuan' antzezlana eskainiko du datorren zapatuan, maiatzak 4, Baztartxo Antzokian, 19:30ean. Antzezlana ikusteko sarreraren prezioa zortzi eurokoa da, eta antzokiko leihatila ordubete lehenago irekiko dute. Ordu eta laurden inguruko lanean, «barre kolpeak, euskal abestiak eta dantzak» eskainiko dituzte, besteak bete.

Mikel Laskurain antzezlea eta Martin Agirre obraren itzultzailea izan dira udaletxean, 'Zoaz pake santuan' lana aurkezten. Laskurainek azaldu du «komedia» batekin etorriko direla oraingoan Azkoitira. «Jendeari barre eragiteko pentsatutako komedia da, eta uste dut lortzen dugula. Jendeak, behintzat, ondo pasatzen du eta barre egiten du», adierazi du Laskurainek. «Sorpresaz» beteta dagoen antzezlana dela azaldu du, eta ez du xehetasunetan sartu izan nahi, «bestela ez liratekeelako sorpresak izango».

Daramaten bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, andreak —Ane Gabarain—, zirt edo zart, gizona pozointzea erabakiko du. Ekintza gordintze aldera, egin nahi duena aitortuko dio. Giltzapeturik dagoen etxe barruan azken orduak pasatzeko prest dago andrea. Baina, jakina, aurreikusitako plana hankaz gora joango zaio. «Lehertzeko» moduko komedia dela azaldu dute, eta «bikote barregarri amorratua etengabeko ustekabez hornituta» dagoela. «Akats, ahuldade eta torpeziaz betetako bi pertsona ageri dira, baina aldi berean, dibertigarriak eta maitagarriak», azaldu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide