Etxebizitzen eraginkortasun altuko birgaitzea lortzeko saio praktikoa

Maxixatzen.eus 2019ko api. 29a, 10:41

(Argazkia: Udalbarriak)

Etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzentzeko doako tailerrak antolatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Azkoitiko Udalarekin eta Iraurgi Lantzen garapen-agentziarekin elkarlanean.

Gipuzkoa Argitu programaren baitan, etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzentzeko doako tailerrak eskainiko dituzte maiatzaren 9an, Azkoitian. Elkarguneko Oteiza aretoan emango dute tailerra, 18:30ean.

'Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko' izeneko tailerraren helburua da «etxebizitzarako diren eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea, beti ere, modu erraz eta ulerkorrean», azaldu dute antolatzaileek.

Izena ematea beharrezkoa

Tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek, aldez aurretik izena eman beharko dute, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, edurne@izadi21.eus helbide elektronikora idatzita edota 628 53 23 03 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 17:00etara) eman beharko da izena. Halaber, informazio osagarria ezagutzeko webgunea ere badute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide