Blake magoa Baztartxo Antzokian izango da maiatzeko bigarren astean. Maiatzaren 10ean, ostirala, 'Isilpeko pentsamenduak' magia ikuskizuna eskainiko du. Blakek medikuntza ikasi zuen, baina gero ikasketak utzi egin zituen magia munduan murgiltzeko. Telebistako hainbat saiotan kolaboratzaile lanak egin ditu. 2004an, gainera, Dunninger Saria jaso zuen mentalista lanagatik, Psychic Entertainers Association etxeak emanda.
Blaken bitxikeria
2002an Blakek egindako trikimailurik ezagunena ezagutu zen. Gabonetako Loteriaren zenbaki irabazlea asmatzeko gai zela adierazi zuen, eta zozketa egin baino sei egun lehenago papertxo batean idatzi eta kutxa batean gorde zuen. Zenbaki irabazlea 8.103 zenbakia izan zen, hain justu Blake magoak idatzitako zenbaki berbera. 2016ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan ere alderdi bakoitzak zenbat diputatu lortuko zituen asmatu zuen.
Sarrerak salgai
Ikuskizuna zuzenean jarraitzeko sarrerak Azkoitiko Udalean edota Kultur Hiru taldearen webgunean eros daitezke. Aurrez erosita 18 euro ordaindu beharko da sarrera bakoitza. Egunean bertan Baztartxoko leihatilan erosita, berriz, 22 euro.