VIII. Ibilgailu klasikoen topaketa, maiatzaren 12an

Maxixatzen.eus 2019ko api. 11a, 07:55

Iazko auto klasiko bat. (Argazkia: Maxixatzen)

Maiatzaren 12an, igandea, egingo dute aurten VIII. Ibilgailu Klasikoen Topaketa. Azkoitiko Ibilgailu Klasikoen taldeak antolatuta, eta Errebueltie Eskudeixek, Udalak eta herriko hainbat babeslek lagunduta, hasiak dira eguna antolatzen. Hazten joan den topaketa egonkortu eginda azken urteetan, eta antolatzaileak prest dira aurten ere garai bateko ibilgailuak herritarrei erakusteko.

09:00etatik 10:30etara bitartean, ibilgailuak herrira iristen hasiko dira, eta gero, 11:00etatik 12:30era bitartean ibilbidea egingo dute. Azpeitira abiatuko dira Azkoititik, eta handik Urrestilara joango dira. Urrestilatik herrira itzuliko da ibilgailuen karabana eta San Jose Egoitza paretik igarota, berriz, Plaza Berrira sartuko dira.

Berrikuntzak

Aurtengo edizioan izango da berrikuntzarik. Marea Urdinako kideek, Goienetxe Fundazioko kideek eta Txolarteko kideek topaketa egunean «autoarekin ibilbidea egiteko aukera» izango dute. Horrez gain «kamioi gehiago» izango direla aipatu du Antonio Sudupe antolatzaileak. «Iaz kamioi bakarra izan zen, baina aurten gehiago etorriko direla baieztatu digute», gaineratu du. Ibilbidea egin ondoren, Plaza Berrin ibilgailuen erakusketa egingo dute, 14:30era arte, orduan bazkaria egingo baitute. Bazkalostean, 17:00ak inguruan, parte-hartzaileen artean doako zozketa egingo dute.

Maiatzaren 11n, zapatua, motozerra erakustaldia egitea aurreikusi du Antonio Sudupek. Eguerdian, Orbela tabernaren atarian egingo dute, eta arratsalde-iluntzean, Plaza Berrin jarrita duten erakusleihoaren parean. Maiatzera bitartean, ordea, zapatuetan ekintza batzuk egiteko asmoa duela jakinarazi du Sudupek.

Errifak saltzen

Beste behin errifa egingo dute antolatzaileek. Aurten ere Plaza Berriko erakusleiho batean jarri dute errifan zozkatuko duten saria. Erakusleihoa, Aldalur arropa dendaren eta garai bateko Alameda tabernaren artean dago. Antolatzaileek jakinarazi dute erakusleihoan ikus daitekeena baino «sari handiagoa» zozkatuko dutela aurten, sari batzuk ez baitituzte jarri oraindik. Lehen edizioan «50 ardo botila» zozkatu bazituzten ere, aurten egingo duten zozketan «2.000 eurotik gorako balioa duen errifa» zokatutako dute.

Bazkarirako izena ematea

Maiatzaren 12an, 14:30ak aldera, bazkaria egingo dute Orbela tabernan. Bazkarirako izen ematea irekita dago, eta horretarako Kutxako 2095 5028 70 9115036181 kontu korronte zenbakian 22 euroko ordainketa egin beharko da. Bazkariko menua honako hau izango da: urdaiazpikoa, kroketak, entsalada mixtoa, oilaskoa patatekin, izozkia flanarekin, kafea eta edariak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide