Kantaldi-Jaialdi jendetsua aurkeztuko du zapatuan Alai Batzak

Maxixatzen.eus 2019ko api. 5a, 09:06

Bihar, zapatua, egingo du Alai Batza aisialdi taldeak Kantaldi-Jaialdia. Baztartxo Antzokian izango da emanaldia, 17:00etan. Alai Batzako 120 lagunek parte hartuko dute jaialdian.

Ikuskizunak bi zati izango dituela adierazi dute Alai Batzako lagunek. «Kantaldian parte hartzaileek abestu egingo dute. Jaialdian, berriz, dantza egingo dute. 9 eta 14 urte bitarteko Alai Batzako bazkideek parte har dezakete apirilaren 6ko emanaldian, eta bazkideek eurek hautatutako abestiak abestu eta dantzatuko dituzte. Zazpi kanta abestuko dituzte, eta beste zazpi dantzatu. Horrez gain, «bestelako sorpresa ugari» izango direla ere jakinarazi du Alai Batzak.

Sarrerak Floreaga Ikastetxean

Alai Batzak egingo duen Kantaldi-Jaialdia zuzenean jarraitzeko hiru euro ordaindu beharko da sarrera, Floreaga Ikastetxeko idazkaritzan. Sarreretatik lortzen den dirua Suriya proiektua babesteko erabiliko da. Salestarrek Sirian martxan duten proiektua da Suriya, eta asmoa da bertako haurrei eta gazteei laguntzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide