Oraindik gelditzen dira sarrerak Ene Kantaken 'Satorjator' ikuskizunerako

Maxixatzen.eus 2019ko api. 4a, 11:24

Ene Kantak Azkoitian izango da apirilaren 13an, zapatua, 'Satorjator' lana aurkezteko. 17:00etan izango da emanaldia, eta oraindik sarrerak gelditzen direla jakinarazi du Gazte Zerbitzuak.

Bihar, apirilak 5, da Ene Kantaken 'Satorjator' musika ikuskizunerako sarrerak erosteko azken eguna. Gazte Zerbitzuak jakinarazi du 80 sarrera inguru gelditzen direla hurrengo zapatuan, apirilak 13, Baztartxon eskainiko duten ikuskizunerako. Joan den astelehenean jarri zituzten sarrerak salgai, eta martxa onean saldu dira. Sarrera bakoitzaren prezioa lau eurokoa da.

Azkoitiko 'Satorjator' emanaldian Eneko eta Nerea bidaia magiko berri batean murgilduko dira; oraingo honetan Lur planetaren bihotzera. Lur azpian aitatxik emandako mapa bati esker altxor magiko bat bilatuko dute eta bertan lagun berriak eta aspaldiko bat topatuko dute. Beldurrari eta hango abenturei aurre egingo diete abesten eta dantzan. Gainera mugikorrekin ematen dugun gehiegizko denborari, hausnarketa egingo diete gailu horien fundamentuzko erabilera bultzatuz eta jolasteko galtzen dugun orduak kritikatuz. Irriz eta musikaz betetako antzerkia da 'Satorjator' ikuskizuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide