Zubia bere lekuan jartzeko 50 metro luzerako besoa duen garabia erabili zuten eta 33 metro luzatu zuten. Kontrapisurako, berriz, 40 tona erabili zituzten. Ikusminez gerturatu ziren herritarrak eta Javier Zubizarreta alkateak ere zuzenean jarraitu zituen lanak.
Douglas pinuaren egurrarekin egin dute zubia eta autoklabe tratamendua eman diote. Zubiak 16 tona eta erdi pisatzen ditu garabiaren baskularen arabera. Pasabidea, berriz, Belgikan fabrikatu dute eta Pasaiako portura asteartean iritsi zen. Handik, konboi berezi batean garraiatu zuten Azkoitiraino.
Behin zubia jarrita, egun batzuen buruan irekiko dute zubia. Udalak jakinarazi du, «sarrera-irteerak egokitzea» falta dela. «Apirilaren bigarren hamabostaldirako dena prest» egotea aurreikusi dute Azkoitiko Udalean.